dic 26, 2011
eneko

Atondu. Euskal Jantzien inguruko hitzaldi praktikoa

Asteartean, abenduaren 27an, Hitzaldi polita izango dugu Añorgako Museum Cemento Rezolan. “Atondu” du izena eta Euskal Jantziak janzten ikasteko izango da. Hitzaldiaz aparte, praktika txikiak egingo dira. Horretarako Arkaitz Dantza Taldeak ekarriko ditu arropak, eta besteok apargata zein abarkak ekarri beharko ditugu.

Hitzordua arratsaldeko 19etan izango da, Museoan esan bezala. Bertaratuko zaretelakoan.

dic 23, 2011
eneko

Olentzero Añorgan!

Bi zita garrantzitsu dauzkagu bihar añorgatarrok Olentzerorekin:

Lehena, eguerdi partean, 14ak aldera Añorga Txikitik aterako baita Olentzero baserriz baserri kantatzera. Zita, 14etan Añorga Txikiko Euskotren geltokiko bidean izango da.

Bigarrena, arratsaldeko 19etan izango da. Haurrek Olentzerorekin hitz egiteko aukera izango dute, eta euren kartak eman ahal izango dizkiote. Beraz, arratsaldeko 19etan, Añorgako Frontoian, haur guztiak Añorgara Olentzerorekin egotera!

Gabon zoriontsuak igaro ditzazuela,

Horra! Horra! Gure Olentzero, pipa hortzetan dula eserita dago!!!!

dic 20, 2011
eneko

Santo Tomasak badatoz!!!

Iritsi dira gabonak eta eurekin Santo Tomas eguna. Nolako eguna! Txistorra, Sagardoa eta Giro aparta da gure eskaintza.

11etan hasiko da urtero legez festa Añorgako Gazte Asanblada kanpoan. Guk txistorra eta sagardoa jarriko ditugu, zuek umore ona eta festarako gogoa. Azken urteetan bezala, nahi duenak taloa nola egiten den ikasteko aukera izango du Añorgako gure talogile maitagarriak diren Maitere eta Maiterekin.

Mimoz antolatutako egun berezi honetan guztiak gonbidatu nahi zaituzteko Añorgako Gazte Asanbladatik eta Añorga KKEtik.

Gozatu ba egunaz!!!

dic 17, 2011
eneko

Aupa Beñat! Txapela Añorgara!

Ezin genezake biharko zita komentatu gabe utzi. Bihar Beñat Gaztelumendi añorgatarra izango dugu lehia bizian Ilunbeko zezen plazan. Adar zorrotzei punta aterata, Zezen bihurturik datorkigu, aurrean dituen guztiak alde batera kenduko dituelakoan. Añorgako Bertso Eskolako irakasle, Añorga Kulturako kide, Añorgatar peto-petoa… Aupa Beñat! Egurra eman!! Bihar Añorga guztia zurekin izango duzula!!

Txikitatikan bertsotan
bala mingainaren puntan.
Txikitatikan bertsotan
bala mingainaren puntan.
Añorgaren gogotan,
gaude gu denak sutan,
Tiro egizu kauenla
eta ekarri Txapela!

Zezen plazara jo ta ke
torero danak hil arte.
Zezen plazara jo ta ke
torero danak hil arte.
Zu zaitugu aparte,
ze bertso on, ze arte,
Denok gauzkazu trantzian,
Txapela buru gainian.

dic 14, 2011
eneko

Bidaia Intimoak dokumentala Añorgan

Argia Astekariari esker, hilabetero euskarazko dokumental bat proiektatuko dugu Añorgan. Tokia, Museum Cemento Rezola izango da; ordua, arratsaldeko 19ak; eta eguna, hilabete bakoitzeko lehen osteguna. Egunarekin izango dira salbuespen txikiak (urtarrilekoa ez baita errege bezperan izango), baina apuntatu hileroko lehen ostegunak gorriz, kalitatezko dokumentalak proiektatzera goaz eta!

Lehen dokumentala, Jon Maiak zuzendu duen “Bidaia Intimoak” izango da abenduaren 15ean arratsaldeko 19etan.

Ederra izango da, beraz, animatu Museora!

dic 3, 2011
eneko

Añorga Kultura Sarean da!

Kaixo Mundua!!!

Hori esan behar omen da Blog baten lehen postean. Ez dakit gehitxoegi ez den izango guretzat, munduari ongi etorria ematea… baina esan behar denez, hortxe doa berriro ere: kaixo mundua!

Azken urte honetan, Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko Kultura arloa mugitzeari ekin diogu, eta hau beste pauso txiki bat baino ez da. Ez dakigu aurrera goazen ala ez, baina argi dugu mugitzen ari garela. Hortik, eta Kultura indartzeko asmoz, Añorga Kultura sortu dugu. Edo berrizendatu. Auskalo. Hemendik aurrera beraz, www.anorgakke.org bisitatu eta gero, www.akultura.com bisitatzera gonbitea luzatzen dizuegu.

Zer aurkituko duzu Blog honetan? Ba denetik espero dugu. Añorgan izango diren ekimen kulturalak izango dira bertan, beraz, añorgatarrontzat agenda kultural ezinbestekoa bihurtzea du helburu. Baina ez hori soilik, edukien artean ere bideo zein berri interesgarriak emango dizkizuegu aditzera. Bukatzeko, foro bat izango da. Bertan, Añorga Kulturak jorratuko dituen ekimenak proposatu, ideatu, eta antolatzeko tokia izango da. Parte hartu nahi baduzu, eskaera egitea besterik ez duzu info@akultura.com emailean.

Eta besterik gabe, hauxe da Añorga KKEko Kulturako jarraipenaren hasiera txikia. Gustuko izango duzuelakoan, ez utzi txoko hau bixitatzeari!!

Ongi etorri Añorga Kulturara!!

Páginas:«1234567

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...