ene 29, 2013
Bgaztelumendi

Arantxa Urretabizkaiaren bisita

“Zergatik, panpox, zergatik dauzkak hire aitaren begiak, hire aitaren ezpainak, hire aitaren ile kizkurtu hori, eskuak trabatzen dizkidana, zergatik, panpox. Bai, behar haut, blandinblup bat duk mundu hau, eskuekin desegiten moldatzen apurtzen ditek gizonek, eta hementxe geratu nauk, etxe batean preso, maitasunean preso. Esna igarotzen dizkiat gauak, atea zabalduta, Txema, hire begiak jantzita etorriko delakoan. Baina egunsentiak hire negarrekin esnatzen naik, eta ez zakiat zer egin, erlojuei obeditzea besterik; eta gosaldu dutxatu jantzi eskolara eraman eskolatik itzuli eta berriz buelta eskolara jaso autoan ekarri errieta egin afaldu ipuina kontatu eta lotara; hire bizitza duk nirea eta ez zakiat, ulertzen diat Txemak zergatik egin zian ihes, askeegia huen hemen egoteko, ni ere izan ninduan aske, panpox, ez pentsa, hala amestu nian behintzat, gizarteak maitatzeko bezain ederra nintzen garai urrun horietan ederra izan ninduan, baina ama nauk orain, eta hilerokoa etortzear zeukeat eta ez diat nahi, ez diat bizitzarik sentitu nahi nire barruan, hi laztandu baino ez, hi panpox, hire aitaren begiak jantzitako panpinatxo eder hori…”

Zer, barrua itotzen sentitu duzue? Eredu patriarkala ulertzen hasi nahi, mundu berri bat sortzeko? Ba zatoz Obabako Testiguetara, Virginia Wolfen “Mrs Dalloway” liburua besapean hartuta, eta mundu berri batekin egingo dugu amets. Otsailaren 21ean, adibidez?

ene 29, 2013
eneko

Festetako 2. bilera. Otsailak 8, arratseko 20.30etan

Hurrengo festen bilera otsailaren 8an izango da Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko bulegoan arratsaldeko 20.30etan. Egutegia zehaztuko dugu bertan eta festak itxuratuko ditugu. Beraz, eta zure gustoko festak antolatu nahi badituzu, bertaratu eta iritzia eman.

ene 23, 2013
eneko

Arantxa Urretabizkaiarekin solasean

Urtarrilaren 24ean, arratsaldeko 19etan Jolas Etxeako jangela txikian izango da gurekin Arantxa Urretabizkaia idazlea. Obabako Testiguek “Zergatik Panpox” liburua aukeratu zuten feminismoaren 3 hilabeteko zikloari hasiera emateko, eta horren inguruan solastuko dira pasta eta kafea dastatzen duten bitartean.

Doako sarrera izango duen ekimena da, beraz, aprobetxatu eta agertu!

ene 23, 2013
eneko

Festetako bigarren bilera. Otsailak 8

Hurrengo Festen bilera Otsailaren 8an izango da, ostiralean iluntzeko 20.30etan AKKEko bulegoan. Bertan, programa landuko dugu, beraz, edozein aldaketa, proposamen edota burutazio ekartzea eskertuko genizuke.

ene 12, 2013
eneko

Añorgako Festak 2013. Egutegia

Añorga vs Alde Zaharra Desapiyuba! from Añorga kultura on Vimeo.

Bilera ospatu da eta hauek dira adostutako egunak:

Uztailak 6, Larunbata. Koadrilen eguna.
Uztailak 7, Igandea. Jubilatuen eguna.
Uztailak 11, Osteguna. Sorpresa Jaialdia.
Uztailak 12, Ostirala. Orikiz Mozorro Festa.
Uztailak 13, Larunbata. Gaupasa eguna.
Uztailak 14, Igandea. AKKE eguna.
Uztailak 15, Astelehena. Umeen eguna.
Uztailak 16, Asteartea. Karmen eguna.
 

Hurrengo bilera otsailaren 8an, ostirala, iluntzeko 20etan izango da.

Mila esker eta agertu!

ene 7, 2013
eneko

Festetako lehen bilera. Urtarrilak 12

Oraindik urrun badaude ere, aurtengo Festak antolatzen hasiko gara. Aurtengo Karmen eguna asteartez tokatzen da, eta Festen egutegia osatu behar dugu. Horretarako urtarrilaren 12an geratu gara goizeko 10.30etan Elkarteko bulegoan. Ongi etorriak izango dira bertara etortzen diren guztiak, eta Festa ederrak antolatzeko auzokideak behar beharrezkoak dira, beraz, animatu zaitez eta etorri zure iritzia ematera!

ene 4, 2013
Bgaztelumendi

Armiarmak Jolas Etxean

Armiarma bat zintzilikatu zaigu Jolas Etxean; euskal poesian Lore-Jokoak iragarri dizkigu, hemendik aurrera idazleak Ferrari fosforitoetan joango omen dira telebista-tertuliatik telebista-tertuliara; “kanitxeek” idatziko dituzte liburuak ostruka lumak Txinako mendi garaienen bihotzetatik hegazkin partikularretan ekarritako tinta arrosetan murgilduz, “guau guau” (denok ikasi behar izan dugu zerbait gutxi batzuk dena ikas ez dezaten); Kontxako Badian bainatuko dira irakurleak abenduan ere hemendik aurrera Andaluzia tropikaleko tenperatura izango baitugu Euskal Herrian, Potosin orain dela lau mende izan zuten tenperatura atsegin bera, eta bainujantzi ausartez jantzita telebista-aurkezle irribarrez irakurriko dituzte Sarriren, Atxagaren, Canoren eta Matxainen poemak hatz-mamietatik doiki irristan doazen itsaso tanta gaziek liburuetako letrak nola itxuraldatzen eta ezabatzen dituzten ohartu ere egin gabe. Armiarma hiztun bat kausitu dugu mantel zuriaren gaineko Copenhagen kutxatxo urdinaren gainean (zeldetan zenbat pasta antolaturik, zenbakiturik), eta ez begiratzeko eskumuturrera esan digu, ez begiratzeko faborez otoi arren of course (zeinen kosmopolitak diren armiarmak neguan) susmagarriki esku-burdin forma hartzen ari diren erlojuei; ez egiteko galdera deserosorik, “zer eginen zenuke zuk baldin eta bat-batean hilezina zarela abisatuko balizute?”, “zer axola zaio zigor zeldetan dagoenari urtaroen aldaketa?” eta halakoak for example. Guk ez diogu kasu handirik egin eta denbora bezala izoztutako hegaztiez hizketan jarraitu dugu, itsasoaren gainean kulunkan dabiltzan oroitzapenez (bai, elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann), Maria Lauraren bularrez, denboraren okupazioaz eta espazioaren desokupazioaz, kartzelaz, poesiaz eta Sarriz, batez ere Sarriz. Eta armiarma suizidatu egin da, haizeak laster desegingo duen hari fin bat soilik utzita. Zer da poesia izuen gordelekuetan, ihesa, iraultza edo galtzetan gordetzeko kopla?

Urtarrilaren 24an itzuliko gara Obabako Testiguak, ohi bezala, arratsaldeko 19etan, gure Jolas Etxeko erritu bekatarietara, “Zergatik Panpox” liburua besapean hartuta. Eta luxuzko gonbidatua izango dugu aldamenean: Arantxa Urretabizkaia. Bertan itxarongo dizuegu, kalizatik ardo goxoa irakurriz eta elkarren ahoetatik literatura edanez. Edo alderantziz.

dic 22, 2012
eneko

Gabonak Añorgan

Heldu dira Gabonak aurten ere, eta urtero legez hainbat ekitaldi antolatu ditugu Añorgako Gazte Asanblada eta Añorga KKEren artean.

Lehenik Olentzerorekin batera aterako gara baserriz baserri Gabon kantak abestera. 13.30ean geratu gara Amassorrain Ikastolako atarian Etxe-Luzeruntz abiatzeko.

 

Bestetik, haurrentzat programazio berezia eskaini nahi dizuegu kartelean ikusi daitekeen moduan.

24ean hurrenez hurren, Pailazoa, Olentzerori gutuna idazteko tailerra, Gabon kantak Añorgan zehar eta gero Olentzero etorriko zaigu haurrekin egoteko eta euren kartak jasotzeko.

28an, Gabonak Zuretzat programaren baitan ondokoa izango dugu: Jostailuen truke azoka (ezinbestekoa da zuen laguntza), joko eta tailerrak, txokolatada mundiala, eta Ipuin kontalaria izango dira. Hau dena Antxon Ayestaran Kultur Etxean egingo delarik.

Bukatzeko, urtarrilaren 5ean, Errege Kabalgata izango dugu Añorgan. Errege bakoitza auzuneko puntu batetik aterako da. Deialdia Añorga Txikin, Pedro Josen eta Errekalden egingo da, beti ere baserritarrez jantzita etortzea eskertuko genizueke, giro polita egoteko. 17.45ean auzuneko puntuetan egotea eskertuko da, haurrei antortxak banatzeko. Errege bakoitza 18.00etan irtengo da, eta 18.30ean bilduko dira Añorgako elizan.

Gabon ederrak igaro eta Urte Berri polita hasi!!!

dic 12, 2012
eneko

Begirada berriak arkitekturan

Museum Cemento Rezolak antolatu duen azken esposaketa da, karrera bukaerako 15 proiektu onenek osatzen dutena. Bertan arkitektura proiektu bakoitzaren xehetasunak aurki ditzakegu eta maketa zein posters dago ornituta arte-obra bakoitza.

Animatu eta bixitatu!

nov 27, 2012
Bgaztelumendi

Sarriren Esperoan

Estragon eta Vladimir bezala gaude edalontzi erdi hustuetako aparrak hatzekin bildu eta mostradoreko ertzetan itsatsita. Denborari esnegaina egin zaio Pozzo eta Lucky agertu direnerako. Literaturaren funtzioaz galdetu diogu soka bat zintzilik daukan zuhaitz biluztuari: zain egotea al da literatura? Denbora irabaztea al da literatura? Eta noren zain dago idazten duena? Godoten esperoan? Eta Godotek ba al daki hemen lurpeko pasabideetako horma espraiatuetan esnegaina botatzen dutela kalegarbitzaileek denbora ezabatzeko? Ba al daki James Joycek ezagututako Dublin hartako ateek ostadarrak dauzkatela egurrean marraztuta? Denbora egiten ari garela egin gaitu denborak, eta literatura denbora egiteaz gain denborari eragitea ere badela dioen Arrasateko ahots lodi bat dator eszenatetegiaren tela beltzen atzealdetik, “bai, zain egotea absurdua da, idazleak izan behar du kronista ere, idazleak mundua bizi eta mundua aldatu behar du bere lumaz”; eta poesia mailu bat dela dioen Arestiren hitzekin oroitu da Obabako Testigua ordenagailuko tekladua egurtzen duen bitartean. Samuel Beckettek dio hitzak ez direla gai mundua adierazteko, gizakia ez dela gai bizi duen mundua ulertzeko, eta horregatik Estragon eta Vladimirri ez zaiela ezer gertatzen, bi aldiz. Modernismoa Normandiako hondartzaren batean tirokatu zuten burdinazko albatroek hodei beltzezko egunsenti batean, eta puskak bildu nahian ari gara izenik ez duten herrialdeetan, berea ez den izen batekin dabilen lagun izoztuaren moduan.

“Kartzelako Poemak” landuko dugu ABENDUAREN 27an, iluntzeko 19etan. Liburua lortu nahi duenak Klubeko bulegoan izango du eskuragarri gaur arratsaldetik aurrera. Zain egotearen absurdutik zain egitearen iraultzara pasako gara hilabete honetan.

Páginas:«1234567»

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...