ene 4, 2013
Bgaztelumendi

Armiarmak Jolas Etxean

Armiarma bat zintzilikatu zaigu Jolas Etxean; euskal poesian Lore-Jokoak iragarri dizkigu, hemendik aurrera idazleak Ferrari fosforitoetan joango omen dira telebista-tertuliatik telebista-tertuliara; “kanitxeek” idatziko dituzte liburuak ostruka lumak Txinako mendi garaienen bihotzetatik hegazkin partikularretan ekarritako tinta arrosetan murgilduz, “guau guau” (denok ikasi behar izan dugu zerbait gutxi batzuk dena ikas ez dezaten); Kontxako Badian bainatuko dira irakurleak abenduan ere hemendik aurrera Andaluzia tropikaleko tenperatura izango baitugu Euskal Herrian, Potosin orain dela lau mende izan zuten tenperatura atsegin bera, eta bainujantzi ausartez jantzita telebista-aurkezle irribarrez irakurriko dituzte Sarriren, Atxagaren, Canoren eta Matxainen poemak hatz-mamietatik doiki irristan doazen itsaso tanta gaziek liburuetako letrak nola itxuraldatzen eta ezabatzen dituzten ohartu ere egin gabe. Armiarma hiztun bat kausitu dugu mantel zuriaren gaineko Copenhagen kutxatxo urdinaren gainean (zeldetan zenbat pasta antolaturik, zenbakiturik), eta ez begiratzeko eskumuturrera esan digu, ez begiratzeko faborez otoi arren of course (zeinen kosmopolitak diren armiarmak neguan) susmagarriki esku-burdin forma hartzen ari diren erlojuei; ez egiteko galdera deserosorik, “zer eginen zenuke zuk baldin eta bat-batean hilezina zarela abisatuko balizute?”, “zer axola zaio zigor zeldetan dagoenari urtaroen aldaketa?” eta halakoak for example. Guk ez diogu kasu handirik egin eta denbora bezala izoztutako hegaztiez hizketan jarraitu dugu, itsasoaren gainean kulunkan dabiltzan oroitzapenez (bai, elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann), Maria Lauraren bularrez, denboraren okupazioaz eta espazioaren desokupazioaz, kartzelaz, poesiaz eta Sarriz, batez ere Sarriz. Eta armiarma suizidatu egin da, haizeak laster desegingo duen hari fin bat soilik utzita. Zer da poesia izuen gordelekuetan, ihesa, iraultza edo galtzetan gordetzeko kopla?

Urtarrilaren 24an itzuliko gara Obabako Testiguak, ohi bezala, arratsaldeko 19etan, gure Jolas Etxeko erritu bekatarietara, “Zergatik Panpox” liburua besapean hartuta. Eta luxuzko gonbidatua izango dugu aldamenean: Arantxa Urretabizkaia. Bertan itxarongo dizuegu, kalizatik ardo goxoa irakurriz eta elkarren ahoetatik literatura edanez. Edo alderantziz.

Iruzkin 1

  • Oso ona.

Iruzkin bat utzi eneko ri

Por favor escriba los caracteres de la imagen captcha en el cuadro de entrada

Please type the characters of this captcha image in the input box

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...