nov 27, 2012
Bgaztelumendi

Sarriren Esperoan

Estragon eta Vladimir bezala gaude edalontzi erdi hustuetako aparrak hatzekin bildu eta mostradoreko ertzetan itsatsita. Denborari esnegaina egin zaio Pozzo eta Lucky agertu direnerako. Literaturaren funtzioaz galdetu diogu soka bat zintzilik daukan zuhaitz biluztuari: zain egotea al da literatura? Denbora irabaztea al da literatura? Eta noren zain dago idazten duena? Godoten esperoan? Eta Godotek ba al daki hemen lurpeko pasabideetako horma espraiatuetan esnegaina botatzen dutela kalegarbitzaileek denbora ezabatzeko? Ba al daki James Joycek ezagututako Dublin hartako ateek ostadarrak dauzkatela egurrean marraztuta? Denbora egiten ari garela egin gaitu denborak, eta literatura denbora egiteaz gain denborari eragitea ere badela dioen Arrasateko ahots lodi bat dator eszenatetegiaren tela beltzen atzealdetik, “bai, zain egotea absurdua da, idazleak izan behar du kronista ere, idazleak mundua bizi eta mundua aldatu behar du bere lumaz”; eta poesia mailu bat dela dioen Arestiren hitzekin oroitu da Obabako Testigua ordenagailuko tekladua egurtzen duen bitartean. Samuel Beckettek dio hitzak ez direla gai mundua adierazteko, gizakia ez dela gai bizi duen mundua ulertzeko, eta horregatik Estragon eta Vladimirri ez zaiela ezer gertatzen, bi aldiz. Modernismoa Normandiako hondartzaren batean tirokatu zuten burdinazko albatroek hodei beltzezko egunsenti batean, eta puskak bildu nahian ari gara izenik ez duten herrialdeetan, berea ez den izen batekin dabilen lagun izoztuaren moduan.

“Kartzelako Poemak” landuko dugu ABENDUAREN 27an, iluntzeko 19etan. Liburua lortu nahi duenak Klubeko bulegoan izango du eskuragarri gaur arratsaldetik aurrera. Zain egotearen absurdutik zain egitearen iraultzara pasako gara hilabete honetan.

Iruzkin bat utzi

Por favor escriba los caracteres de la imagen captcha en el cuadro de entrada

Please type the characters of this captcha image in the input box

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...