Browsing articles in "Ekimena"
mar 16, 2012
eneko

Obabako Testiguak – Irakurle Taldea

Literatura gustoko duzu? Añorgan sortzen ari garen azken ekimena itzela izango da! Hilero liburu bat proposatuko dugu, eta hila bukatutakoan elkartu eta mahai ingurua egingo dugu kafe eta pasta goxoak jaten ditugun bitartean.

Baina zein da funtzionamendua?  Hiru hilabeteko zikloak izango dira: lehenean, literatura unibertsala landuko da; bigarrenean, ensaioa edo poesia; eta hirugarrenean, euskal literatura. Zikloa ixteko, hautatutako euskal idazlea etorriko zaigu mahai ingurura. Hautatutako liburua ez baduzu, guk mailegatuko dizugu.

Ondo hasteko, literatura unibertsaleko “Metamorfosia” hautatu dugu. Beraz, martxoaren 22an, osteguna, arratsaldeko 19etan zita berezia duzu Añorgako Jolas Etxea Tabernan.

 

mar 7, 2012
eneko

Ostiral Morea

Emakumearen eguna iristear da, eta Añorgako Gazte Asanbladak bi jardunaldi eder antolatu ditu behar bezala ospatzeko. Kartelean ikus dezakezuenez, lehenik, martxoaren 8an, ostegunean, arratsaldeko 19etan Orlando pelikula proiektatuko dute Museum Cemento Rezolan. Martxoaren 9an, ostirala, autodefentsa tailer irekia egingo dute Antxon Ayestaran Kultur Etxean arratsaldeko 17etatik aurrera. 19etan debatea proposatu digute eta ospakizuna ondo amaitzeko, 21etan Jolas Etxean afaltzeko aukera izango dugu 14 €ren truke.

Beraz, proposamen polita hain egun garrantzitsua ospatzeko. Zure bixita espero dugu!

feb 29, 2012
eneko

Haizea eta Sustraia dokumentala añorgan

Hilabetero bezala, Argiak eskaintzen digun aukera ezin hobeaz baliatuz, bihar, martxoaren 1a osteguna, Museum Cemento Rezolan eskainiko dugu 19etatik aurrera Haizea eta Sustraia dokumentala. Dakizuen moduan, sarrera doan da eta dokumentala euskaraz izango da.

Sinopsia: “Txiki”-ren bizitzaren bidez frankismoaren azken fusilamenduetan sartuko gara. Bere bizitza, bere historia, bere lagunak eta bere askatasunaren ametsak. Batzuk, argia eta oroimena heltzen ez diren hobi komunean ahanstura lurperatzen duten bitartean, bere senide, lankide eta frankismoaren kontrako militantziak, haien oroitzapenak eta diktadura garaiaren bukaerari buruz hitz egiten digute.

Oraindik ezabatu ez diren testigantzak dira. Bizirik dagoen historia da, gure berezko historiaren partea da.

Zuzendaria: Joseba Iñaki Agirre Errazkin

Iraupena: 90 min

feb 23, 2012
eneko

Martxoko Festen Bilera

Datorren martxoaren 3an, larunbata, eguerdiko 12:30etan Añorga KKEko bulegoan izango den Festetako Bilerara gonbitea luzatzen dizuegu.

Beste gauza batzuen artean, Orikiz mozorro festari buruz hitz egingo dugu, eta Portuko Karmenetako jai batzordeko kide bat izango da bertan proposamen polit bat egiteko. Honetaz gain, programazioa borobiltzen hasiko gara.

Festak ez direlako bakarrik antolatzen, agertu!

Mila esker!

ene 27, 2012
eneko

Argia Dokumentalak. Lucio.

Otsailaren 2an, osteguna, arratsaldeko 19etan Museum Cemento Rezolan, hilabeteroko ekimena izango dugu, Argiak eskainitako dokumental paregabearekin. Ezin duzu galdu!

Sinopsia:

Anarkista asko izan dira munduan, eta dira oraindik ere. Ugari izan dira kausaren alde lapurretan edo kontrabandoan arituak. Oso gutxi izan dira Chérekin estrategia-eztabaidan jardunak, edo Eldridge Cleaver Pantera Beltzen buruari lagundu diotenak. Bakarra izan da, horri guztiari batuta, planetako bankurik boteretsuena estu eta larri jarri zuena traveller check-en faltsutze masiboaren bitartez, egun bakar batean ere huts egin gabe bere etxegintzako lana. Lucio Urtubia, Cascantekoa (Nafarroa).

Zuzendariak: Aitor Agirre eta Jose Mari Goenaga

Iraupena: 90 min

ene 27, 2012
eneko

Otsaileko Festen Bilera

Aurreko Festetako Bileran dezente egin genuen aurrera, eta bertan plazaratu zen aurtengo Festetarako garatu daitekeen ideia: txosna guztiak Frontoiaren ingurura ekartzea.

Horretarako eta gauza gehiago erabakitzeko, hurrengo bilera otsailaren 4ean, larunbata, eguerdiko 12etan izango den bilerara dei egiten dugu. Asko izan ginen azken bileran, espero dugu gehiago izatea hurrengoan, eta horrela gure neurriko festak antolatu ahal izatea.

Gonbidatua zaude ba, otsaileko lehen bilerara! Agertu!

ene 10, 2012
eneko

Festen Bilera

Aupa Kuadrila!! Badatozela Añorgako Festak!

Aurtengo Festak zenbait berriketekin datozela aurreratu nahi dizuet, beraz, inoiz baino gehiago zuen laguntza beharko dugu Festa earrak antolatzeko. Horretarako, hurrengo bilera urtarrilaren 23an, arratsaldeko 20etan, Añorga KKEko bulegoan (Jolas Etxeako eraikinean) izango da, eta bertan itxarongo zaitugu.

Beraz, aurtengo Festak kritikatu nahi ez badituzu, agertu bilerara, eta zure tamainako Festak antolatuko ditugu!

Aurrerapen gisa, 2012ko Añorgako Festen egutegia (oraindik zenbait egun falta dira zehazteko):

  • Uztailak 14, larunbata: KOADRILEN EGUNA
  • Uztailak 15, igandea: JUBILATUEN EGUNA
  • Uztailak 16, astelehena: KARMEN EGUNA
  • Uztailak 20, ostirala: UMEEN EGUNA
  • Uztailak 21, larunbata: GAUPASA EGUNA
  • Uztailak 22, igandea: BERTSO AFARIA
ene 6, 2012
eneko

Oroitarria – Dokumentala Añorgan

“Oroitarria” dokumentala, urtarrilaren 12an, arratsaldeko 19etan Museum Cemento Rezolan proiektatuko da. Bertan ikusiko dugu elkar!!

Sinopsia:

Pertsona edo gertaera gogoangarri baten oroigarri egiten den arkitektura edo eskultura lana.

Germanen oroitarria, poliziak 1978ko Sanferminetan German hil zuten lekuan da. Botereak ahaztarazi nahi dizkigun pertsona, gertakariak eta zenbait erabaki politiko ekartzen ditu gogora.

Gertakaera itzel horiek izan zirenetik 30 urte baino gehiago pasa badira ere, oroitarri honek oraindik egun gobernatzen dutenak gogaitzen ditu.

Zuzendaria: Ruben Marcilla

Iraupena: 46 min

ene 2, 2012
eneko

Erregeak Añorgan!!

Badatoz Erregeak Añorgara!! Urtarrilaren 5ean, aurreko urtean bezala, Errege bakoitza auzo batetik aterako da. 17:40etan Añorga Txikiko Etxe Luzetik irtengo da bat, 17:50etan Errekaldeko Soziedadetik bestea, eta azkena, Pedro Josetik 17:50etan irtengo da.

Antortxekin atera nahi duen umeak puntual egoteko hiru horietako edozein lekuetan. Beti ere 7 urtetik gorakoa izatea eskatuko zaio.

18:30 inguruan iritsiko dira Añorgara eta bertan, Elizara sartu eta zertara etorri diren esango digute. Hau bukatu ostean, Frontoian banatuko dizkigute opariak 8 urte bitartekoei.

Osteguna arte!!

dic 27, 2011
eneko

Gabonak Zuretzat!

Gabonak Zuretzat ekimenaz gozatu ahal izango dute txikienek bihar, hilaren 28, arratsaldeko 16:30etatik aurrera Antxon Ayestaran Kultur Etxean. Jokoak, txokolatada goxo bat eta ipuin kontalari bat izango dira Añorgan umeen gozamenerako. Beti bezala, doan izango da eta espero dugu haurren gustoko jokoez gozatu ahal izatera.

Ondo pasa ba, bihar 16:30etatik aurrera Antxon Ayestaran Kultur Etxera gertaratuko zareten guztiok!

Páginas:«12345»

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...