Browsing articles in "Ekimena"
oct 15, 2012
Bgaztelumendi

Koblakari baten bisita

Auto-gidariak presaka dabiltzan ostegun arratsalde horietako batean gizon altu bat sartu zen Añorgako Jolas-Etxeko egurrezko atetik, burua apur bat makurtuz, lotsatuta-edo. Porlan pinportak autoen kristaletan itsatsita geratzen diren arratsalde horietako bat zen, nobela handietan gutxitan agertuko den arratsalde arrunt bat, garagardoa bukatu ondoren edalontzietan itsatsita geratzen den hondar likitsaren moduko arratsalde horietako bat. Sei lagun sartu ginen tabernako jantoki txikira, porlan grisaren koloreko liburuki bana eskuetan hartuta. Autoen bozina presatien artetik lotsati antzean aditzen genuen Ruper Ordorika kantuan, “larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak…”. Eneko Barberenak -halaxe izena baitu atetik burua makurtuz sartu zen gazteak- zertarako idazten duen galdetu zion bere buruari, hitzak ahoan txikleen moduan hausnartuz (“inork ere ez du -dena ohitura, dena errua, dena barkamena- oroimenaren korapiloa deslotzen). Zertarako? Eta Josu “Eskorbuto”-ren mikrofono estutua gogoan idazleak kronista lana ere bete behar duela esan digu, Martin Larralderen moduan. Josu “Eskorbuto”-ren moduan. Idazlearen luma zorrotzak paperean gorde behar dituela lixibak kaleetatik lapurtutako barrikaden usainak, tabernetako pertsiana itxiek ezkutatutako eztabaida amaiezinak. 2000. hamarkadako Donostia eta 60ko hamarkadako Belfast. Edo autoak presaka dabiltzan ostegun arratsalde bat, sirena bat eta buzodun urdinak Jolas Etxeko atea zeharkatzen, bururik makurtu gabe. Munduak oraindik behar al du koblakaririk?

AZAROAREN 22AN ELKARTUKO GARA BERRIRO

Eta Eneko Barberenaren bisitaren ondoren, Euskal Herritik kanpoko idazleen txanda iritsiko zaigu gure Obaba klandestinora. Samuel Beckett idazle irlandarraren “Godoten esperoan” antzerki obra ezaguna landuko dugu. Absurduaren komediaren gailurretako bat da lan hori, eta azaroaren 22an elkartuko gara, hilero bezala, arratsaldeko 19etatik aurrera. Nahi izanez gero datorren astetik aurrera Donostiako Liburutegi Zerbitzuak utzitako aleak eskuragarri izango dituzue klubeko bulegoan.

 

oct 3, 2012
Bgaztelumendi

Ostiralean hasiko da bertso-eskola

 

Udan plazaz plaza ibili diren bertsolarien inbiditan? Haiekin aspertuta akaso? Pello Joxepe ezagutzeko desiotan? Zure ahotsa zortziko handiaren autopista zabalean edo zortziko txikiaren “seiszientos” txikian sartzeko gogoz? Ostiralero astea ahazteko (edo nahasteko) irrikan? Hormei ere kantatuko lieketen artistak ezagutzeko pasioz? Lagun giro ederraren besotan bertsotan egin nahi? Bada zatoz ostiral honetan, arratsaldeko 17:30etan Jolas Etxera, Añorgako Bertso Eskolaren hirugarren kurtsoa hastera baitoa.

sep 17, 2012
Bgaztelumendi

Obabako Testiguen itzulera

Udazkeneko orriak erortzearekin batera zabalduko ditugu berri usaineko liburuak Obabako Testiguek. Eta kurtso berriari hasiera emateko luxuzko gonbidatua izango dugu gurean: Eneko Barberena idazle arrasatearra. Gure “petit komité”-an bere azkeneko lana izango dugu aztergai: “Martin Larralde” (hemen klik eginda deskarga daiteke).  Ale berezia da honako hau, literatura eta musika uztartzen dituen disko-liburu hibridoa baita. Pasta gozoen eta zapore guztietako komentarioen bidez liburuaz, literaturaz eta bizitzaz hitz egiteko aukera izango dugu. URRIAREN 11n izango da hitzordua, ILUNTZEKO 19etan, ohi bezala Jolas Etxean.

Bestalde, datozen hilabeteetarako programa ere atontzen ari gara, ohi bezala literaturaren ate guztiak jotzeko asmoz. Honako hauek dira oraingoz esku artean dauzkagun proposamenak, denon artean aukera ditzagun:

-AZAROA (Aukeratzeko):

“ESPERANDO A GODOT” (Samuel Becket), antzerki obra labur bat da, absurdua. Urriaren 11n banatuko ditugu liburuak.

 

-ABENDUA (Aukeratzeko):

a) “HARRI ETA HERRI” (Gabriel Aresti), “Nire aitaren etxea defendatuko dut…” eta abar

b) “KARTZELAKO POEMAK” (Joseba Sarrionandia)

 

-URTARRILA

“ZERGATIK PANPOX” (Arantza Urretabizkaia). Honekin feminismoaren inguruko zikloa irekiko genuke

 

-OTSAILA (Aukeratzeko):

a) “ORLANDO” (Virginia Wolf), transexualitatearen ingurukoa da

b) “LA SEÑORA DALLOWAY” (Virginia Wolf), “Las horas” filma honetan oinarritzen da

 

-MARTXOA (Aukeratzeko):

“SEXUAL HERRIA” (Itziar Ziga), obra probokatzailea da, ikusi sinopsia: http://www.txalaparta.com/prod/eu_ES//////12//2707/Sexual+Herria.html

 

Datozen hilabeteetarako beste hainbat proposamen ere badaude:

 

NOBELA/NARRAZIOA EUSKARAZ:

a)     “TWIST” (Harkaitz Cano)

b)    “EGARRI EGUNAK PORTUALDEAN” (Koldo Izagirre)

c)     “EZ OBEDITU INORI” (Mikel Peruarena)

d)    “AZKEN TRANBIAREN ITZALA” (Jose Inazio Basterretxea)

e)     “POLOLOAK (I, II ETA III)” (Patxi Gallego), hiru komiki dira

f)     “GARTXOT” (Asisko Urmeneta), komikia da

g)    “AULKI JOKOA” (Uxue Alberdi)

 

POESIA/SAIAKERA

a)     “ETIOPIA” (Bernardo Atxaga)

b)    “LIBRETA HORIKO POEMAK” (Pako Aristi)

c)     “ZU ZARA ORAIN TXORIA” (Mikel Etxaburu)

d)    “HIRI GORRITIK” (Asier Serrano)

e)     “EUSKAL KULTURA?” (Antton Luku)

f)     “UN DÍA MÁS CON VIDA” (Ryszard Kapuscinski)

g)     “LAS VENAS ABIERTAS DE AMÉRICA LATINA” (Eduardo Galeano)

 

Badakizu: idatzi zure iradokizunak hemen. Nork esan zuen irakurketak bakartia izan behar zuenik?

jul 7, 2012
eneko

Añorga vs Alde Zarra DESAFIYUBA!!!

Añorga vs Alde Zaharra Desapiyuba! from Añorga kultura on Vimeo.

Añorgako Festak datoz, eta baita Alde Zaharreko Karmenak ere. Aurten Adiskidetasun lehia egitea erabaki dugu. Hemen gure bideo promozionala. Gozatu eta parte hartu!!!

jun 12, 2012
eneko

Depositora Erromeria

Igande honetan, hilaren 17an Errekaldeko Depositora egiten zen erromeria berreskuratu dute Añorgako Gazte Asanbladako kideek.

Eraman beharrekoak: norberak bere bazkaria, eta ondo pasatzeko gogoa. Edaria Añorga KKEk jarriko du.

Ondo pasa!

may 26, 2012
eneko

Asteburu honetan: Antzerkia Añorgan

Antzerkiaren asteburua dator! Ekainaren 1 eta 2an antzerkiz bustiko da Añorga.

Lehenik, ostiralean iluntzeko 22etan “Ispilua” ikuskizuna izango dugu Jolas Etxea tabernako jangelan. Donostia Kulturak antolatzen duen Poltsiko Antzerkiko zikloaren barruan dago eta sarrera doakoa izango da. Ezin duzue galdu! Jakin ezazue PUNTUAL hasiko dela emanaldia.

Bestalde, ekainaren 2an, larunbatez, Añorgako Antzerki Taldeko gazteek konplexurik gabeko antzerkiaz gozatzeko aukera emango digute. Ikuskizuna 16 urtetik gorakoentzat dago pentsatua, beraz, adi haurrekin.  Emanaldia 22etan hasiko da Antxon Ayestaran Kultur Etxean eta doakoa izango da.

Animatu ba. Gutxitan baitago antzerkiaz DOAN gozatzeko horrelako aukera eta!

abr 30, 2012
eneko

Obabako Testiguak – Liburu aldaketa

Apirilaren 19an bildu ginen Metamorfosiaz hitz egiteko. Oso interesgarria suertatu zen solasaldia, eta ez zen pastarik soberan geratu. Jolas Etxeakoek ere kafe ederra prestatu ziguten. Hau da, ezin gustorago egon ginela!

Agindu genuen ondorengo liburua “Espainolak eta Euskaldunak” izan zen, baina han bildutakook erabaki genuen orrialde gehiegitxo zeuzkala hilabete bakar batean irakurri ahal izateko, beraz, liburuz aldatzea erabaki genuen.

Maiatzaren 17rako irakurri behar dena, Imanol Galfarsororen “Subordinazioaren kontra” izango da beraz. Nahi duenak zita bat izango du literatura munduarekin eta pixkatxo bat eztabaidatzeko maiatzaren 17an, osteguna, arratsaldeko 19etan Jolas Etxea tabernan, Añorgan. Eta badakizue pastatxo goxoak eta kafea izango duzuela, doan noski!

abr 17, 2012
eneko

Obabako Testiguak – “Espainolak eta Euskaldunak”

Lehenengo hilabetea burututa berriro datoz Obabako Testiguak zuen etxeko atea jotzera. Kafkaren “Metamorfosia”-z mintzatuko gara pasta goxo eta kafea dastatuz, eta segidan, Joxe Azurmendiren “Espainolak eta Euskaldunak” liburuaren banaketa egingo dugu. Hau dena, apirilaren 19an, ostegunez izango da arratsaldeko 19etan Jolas Etxea tabernan.

Zita bat duzu literaturarekin nahi izanez gero. Beraz, ostegun honetan ikusiko dugu elkar Añorgako Jolas Etxean!

abr 11, 2012
eneko

Xabier Amurizarekin Elkarrizketan

Ostiral honetan, apirilak 13, arratsaldeko 18.30etan Xabier Amuriza bertsolaria izango da Añorgako Jolas Etxea Tabernako aretoan bertso-eskolei buruzko hitzaldia ematen. Sarrera doakoa izango da, eta nahi duen oro etorri ahal izango da bertara.

mar 19, 2012
eneko

Obabako Testiguak – Bideo promozionala

Obabako Testiguak – Literatur Kluba from Añorga Kultura on Vimeo.

Hementxe uzten dizuet Literatur Kluba promozionatzeko egin dugun bideoa. Espero dugu gustoko izatea.

Zaindu, eta elkar ikusiko dugu martxoaren 22an arratsaldeko 19etan Jolas Etxean!

Páginas:«12345»

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...