Browsing articles in "Ekimena"
ene 23, 2013
eneko

Arantxa Urretabizkaiarekin solasean

Urtarrilaren 24ean, arratsaldeko 19etan Jolas Etxeako jangela txikian izango da gurekin Arantxa Urretabizkaia idazlea. Obabako Testiguek “Zergatik Panpox” liburua aukeratu zuten feminismoaren 3 hilabeteko zikloari hasiera emateko, eta horren inguruan solastuko dira pasta eta kafea dastatzen duten bitartean.

Doako sarrera izango duen ekimena da, beraz, aprobetxatu eta agertu!

ene 4, 2013
Bgaztelumendi

Armiarmak Jolas Etxean

Armiarma bat zintzilikatu zaigu Jolas Etxean; euskal poesian Lore-Jokoak iragarri dizkigu, hemendik aurrera idazleak Ferrari fosforitoetan joango omen dira telebista-tertuliatik telebista-tertuliara; “kanitxeek” idatziko dituzte liburuak ostruka lumak Txinako mendi garaienen bihotzetatik hegazkin partikularretan ekarritako tinta arrosetan murgilduz, “guau guau” (denok ikasi behar izan dugu zerbait gutxi batzuk dena ikas ez dezaten); Kontxako Badian bainatuko dira irakurleak abenduan ere hemendik aurrera Andaluzia tropikaleko tenperatura izango baitugu Euskal Herrian, Potosin orain dela lau mende izan zuten tenperatura atsegin bera, eta bainujantzi ausartez jantzita telebista-aurkezle irribarrez irakurriko dituzte Sarriren, Atxagaren, Canoren eta Matxainen poemak hatz-mamietatik doiki irristan doazen itsaso tanta gaziek liburuetako letrak nola itxuraldatzen eta ezabatzen dituzten ohartu ere egin gabe. Armiarma hiztun bat kausitu dugu mantel zuriaren gaineko Copenhagen kutxatxo urdinaren gainean (zeldetan zenbat pasta antolaturik, zenbakiturik), eta ez begiratzeko eskumuturrera esan digu, ez begiratzeko faborez otoi arren of course (zeinen kosmopolitak diren armiarmak neguan) susmagarriki esku-burdin forma hartzen ari diren erlojuei; ez egiteko galdera deserosorik, “zer eginen zenuke zuk baldin eta bat-batean hilezina zarela abisatuko balizute?”, “zer axola zaio zigor zeldetan dagoenari urtaroen aldaketa?” eta halakoak for example. Guk ez diogu kasu handirik egin eta denbora bezala izoztutako hegaztiez hizketan jarraitu dugu, itsasoaren gainean kulunkan dabiltzan oroitzapenez (bai, elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann), Maria Lauraren bularrez, denboraren okupazioaz eta espazioaren desokupazioaz, kartzelaz, poesiaz eta Sarriz, batez ere Sarriz. Eta armiarma suizidatu egin da, haizeak laster desegingo duen hari fin bat soilik utzita. Zer da poesia izuen gordelekuetan, ihesa, iraultza edo galtzetan gordetzeko kopla?

Urtarrilaren 24an itzuliko gara Obabako Testiguak, ohi bezala, arratsaldeko 19etan, gure Jolas Etxeko erritu bekatarietara, “Zergatik Panpox” liburua besapean hartuta. Eta luxuzko gonbidatua izango dugu aldamenean: Arantxa Urretabizkaia. Bertan itxarongo dizuegu, kalizatik ardo goxoa irakurriz eta elkarren ahoetatik literatura edanez. Edo alderantziz.

dic 22, 2012
eneko

Gabonak Añorgan

Heldu dira Gabonak aurten ere, eta urtero legez hainbat ekitaldi antolatu ditugu Añorgako Gazte Asanblada eta Añorga KKEren artean.

Lehenik Olentzerorekin batera aterako gara baserriz baserri Gabon kantak abestera. 13.30ean geratu gara Amassorrain Ikastolako atarian Etxe-Luzeruntz abiatzeko.

 

Bestetik, haurrentzat programazio berezia eskaini nahi dizuegu kartelean ikusi daitekeen moduan.

24ean hurrenez hurren, Pailazoa, Olentzerori gutuna idazteko tailerra, Gabon kantak Añorgan zehar eta gero Olentzero etorriko zaigu haurrekin egoteko eta euren kartak jasotzeko.

28an, Gabonak Zuretzat programaren baitan ondokoa izango dugu: Jostailuen truke azoka (ezinbestekoa da zuen laguntza), joko eta tailerrak, txokolatada mundiala, eta Ipuin kontalaria izango dira. Hau dena Antxon Ayestaran Kultur Etxean egingo delarik.

Bukatzeko, urtarrilaren 5ean, Errege Kabalgata izango dugu Añorgan. Errege bakoitza auzuneko puntu batetik aterako da. Deialdia Añorga Txikin, Pedro Josen eta Errekalden egingo da, beti ere baserritarrez jantzita etortzea eskertuko genizueke, giro polita egoteko. 17.45ean auzuneko puntuetan egotea eskertuko da, haurrei antortxak banatzeko. Errege bakoitza 18.00etan irtengo da, eta 18.30ean bilduko dira Añorgako elizan.

Gabon ederrak igaro eta Urte Berri polita hasi!!!

nov 27, 2012
Bgaztelumendi

Sarriren Esperoan

Estragon eta Vladimir bezala gaude edalontzi erdi hustuetako aparrak hatzekin bildu eta mostradoreko ertzetan itsatsita. Denborari esnegaina egin zaio Pozzo eta Lucky agertu direnerako. Literaturaren funtzioaz galdetu diogu soka bat zintzilik daukan zuhaitz biluztuari: zain egotea al da literatura? Denbora irabaztea al da literatura? Eta noren zain dago idazten duena? Godoten esperoan? Eta Godotek ba al daki hemen lurpeko pasabideetako horma espraiatuetan esnegaina botatzen dutela kalegarbitzaileek denbora ezabatzeko? Ba al daki James Joycek ezagututako Dublin hartako ateek ostadarrak dauzkatela egurrean marraztuta? Denbora egiten ari garela egin gaitu denborak, eta literatura denbora egiteaz gain denborari eragitea ere badela dioen Arrasateko ahots lodi bat dator eszenatetegiaren tela beltzen atzealdetik, “bai, zain egotea absurdua da, idazleak izan behar du kronista ere, idazleak mundua bizi eta mundua aldatu behar du bere lumaz”; eta poesia mailu bat dela dioen Arestiren hitzekin oroitu da Obabako Testigua ordenagailuko tekladua egurtzen duen bitartean. Samuel Beckettek dio hitzak ez direla gai mundua adierazteko, gizakia ez dela gai bizi duen mundua ulertzeko, eta horregatik Estragon eta Vladimirri ez zaiela ezer gertatzen, bi aldiz. Modernismoa Normandiako hondartzaren batean tirokatu zuten burdinazko albatroek hodei beltzezko egunsenti batean, eta puskak bildu nahian ari gara izenik ez duten herrialdeetan, berea ez den izen batekin dabilen lagun izoztuaren moduan.

“Kartzelako Poemak” landuko dugu ABENDUAREN 27an, iluntzeko 19etan. Liburua lortu nahi duenak Klubeko bulegoan izango du eskuragarri gaur arratsaldetik aurrera. Zain egotearen absurdutik zain egitearen iraultzara pasako gara hilabete honetan.

nov 27, 2012
Bgaztelumendi

Eleketaldia asteburuan

Norbaitek pentsatuko du, “bai bai, ari dira hauek orain ere urte osoan ezer ez egin eta Euskararen Egunerako bazterrak nahasten, euskara egun bakarrean salbatu nahi duten parakaidistok”. Bueno, euskararik ez dugu salbatuko, baina ez da aitzakia txarra mingainak eta min azpiak astintzeko, ezta? Ostiral eta larunbat honetan autopistak baino egitarau zabalagoa prestatu dugu gure bide lokaztuen omenez. Ostiralean Amassorrain Ikastolako haurrek dantza emanaldia eta karaokea izango dituzte eguerdiko 15etan Kultur Etxea eta txokolatez zikinduko dituzte masailak gero. Iluntzean, berriz, MIHILUZE herrikoia egingo dugu, hiru kanporaketatan banatuta: Gure Kabian, Gazte Lokalean eta Jolas Etxean iluntzeko 19etan, 20etan eta 23etan.

Larunbata opari eta oparo etorriko da. Goizean, bezperako buru lanbrotuak argitzeko “Zergatik ez?” tailerra izango da Rezola Museoan 11:30etan. Ondoren, herri bazkaria eta MIHILUZE herrikoiaren finala. Arratsaldean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatuta manifestazioa egingo da 17etan hasita Anoeta Estadiotik. Eta eguna borobiltzeko, 22:30etan hasita, “Euskalduna naiz eta arraro nago” bakarrizketa elkarrizketatua osatuko dute “Barry Barrez” eta “Baltziskuetak”.

Mihiluze herrikoian eta larunbateko bazkarian izena emateko zerrendak Jolas Etxean daude. Ederra izango da Eleketaldia!

nov 12, 2012
Bgaztelumendi

Obabako Testiguen esperoan…

 

Azaroaren 22an, iluntzeko 19etan, Jolas Etxeako jantokian elkartuko gara berriz Obabako Testiguak. Oraingoan antzerki-testu bat izango dugu esku artean: “Godoten Esperoan”. Nor da, bada, delako Godot hori? Etorri eta ikusiko duzu. Eta libururik ez daukanak klubeko bulegoan dauzka eskuragarri.

nov 6, 2012
Bgaztelumendi

Gazte Festak datorren asteburuan

Añorgako Gazte Asanblada indartsu ari da lanean. Aurten ere gazte festak antolatu dituzte gazte sentitzen diren añorgatar guztientzat. Hilaren 16ko arratsalde handian hasi eta hilaren 18ko goizeko ordu txikiak bitartean, izango da non gozatua. Poteoa, herri afaria, kantaldia, Txantxangorri, Flashmoba, pala txapelketa, kantu-jira, herri bazkaria, bingoa, herri-kirolak, kontzertuak… Gaztetu dezagun Añorga!

nov 2, 2012
eneko

Rezolarte 2012

Rezolarte 2012 dugu gainean. Museum Cemento Rezolak antolatuta, azaroaren 17ra arte duzue zuen proiektuak bidaltzeko. 4.500€ko saria dago, beraz, parte hartu!!

Oinarriak eta inskripzio orria jasotzeko idatzi e-mail bat idazkaritza@anorgakke.org helbidera eta guk bidaliko dizkizuegu.

nov 2, 2012
eneko

Esazu 3. Añorga aldatzen.

Askotan nahi izaten dugu gure auzoak aldaketak izan ditzan. Horretarako udalaz gara kexu maiz. Gaurkoan, jakingo ez duzuen proiektu interesgarri baten berri emango dizuegu: Esazu 3. Proiektuari buruzko informazio guztia www.esazu.org orrian izango duzue.

Añorga berritu nahi digute, beraz, parte hartu!!

oct 17, 2012
Bgaztelumendi

Txantxangorriren hitzordua larunbatean

Bete-betean ari dira hegan “Txantxangorri” aisialdi taldeko lagunak. Larunbat honetarako mendi-martxa antolatu dute Añorgako baserri eta txokoetan zehar, auzoko haurrek baserriko bizitza eta euskal mitologia ezagutu ditzaten. Tartean euskal mitologiako pertsonaien eta astoren baten bisita ere izango omen da! Hitzordua larunbat arratsaldeko 16etan izango da Añorgako Zinearen parean, eta trikiti doinuek girotuta egingo dute mendi-martxa. Gurasoak ere gonbidatuta daude.

“Txantxangorri” Añorgako Gazte Asanbladak sortutako taldea da, aisialdia auzoan bertan betetzeko helburua duena. Horrez gain euskara sustatzen eta zenbait baloreren lanketan ere aritzen dira, ingurumenarekiko errespetu eta maitasuna edo parte-hartzea esaterako. Hilean behin antolatzen dituzte ekimenak.

Beraien lanaren berri zabaltzeko bloga ere ireki berri dute ziberespazioan, inork bisitarik egin nahi badie.

Páginas:«12345»

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...