Browsing articles in "Ekimena"
ene 27, 2015
eneko

Euskal Herriko Mus Txapelketa Añorgan

Datorren otsailaren 13an jokatuko da Euskal Herriko Mus Txapelketaren lehen kanporaketa Jolas Etxea Tabernan. Izen ematea erraza izango da, Jolas Etxeako kortxoan baitago zerrenda. Bikote bakoitzak 20€ ordaindu beharko du eta sariak egongo dira. Txapelketa arratsaldeko 19etan hasiko da eta lehen sailkatuak bigarren kanporaketarako txartela lortuko du besteak beste. Arauak honakoak dira: 2 ustel irabazi beharko dira, eta ustel bakoitzean 30 tanto egin beharko dira. Ez da keinurik onartzen eta 4 erregetara jokatuko da, noski.

Beraz, otsailaren 13an ikusiko dugu elkar! Ia añorgatarren batek irabazten duen aurten Euskal Herriko Txapela! Animatu!

Kartela-web

nov 28, 2014
Bgaztelumendi

Danele Sarriugarteren bisita izango dugu Obabako Testiguek

Danele Sarriugarte

Apurtu da bikote bat eta barrura begira jarri zara; aurkitu dituzu zure kontraesanak, aurreko hausturetatik itxi gabeko zauriak, zure buruari esandako gezurrak. Erretako erraietan barrena ibili zara.

Horrelakoxea da Danele Sarriugarteren “Erraiak” eleberria, zuzenean barruko zaurietara doana. Asteazken honetan Obabako Testiguekin izango dugu, iluntzeko 19etan, Jolas Etxean. Gonbidatuta zaudete fededun eta fedegabeok!

nov 5, 2014
Bgaztelumendi

Stephane Hesselen gabardina bustia

Stephane Hessel

Euria ari du Añorgan. Euria ari du Etxe Handian, euria errepidean, euria 25aren Geltokian. Euria ari du, bere arintasun eta bere zama guztiarekin, 36an egin zuen bezala, 39an egin zuen bezala; Berlinen Bartzelonan Saigonen Kobanen Hiroshiman Parisen Santiagon egin zuen euri bera jausi da Añorgan, hilabetean ezkutatutako amorru guztiarekin eta buruak makurtu ditugu, euri tanta bakoitzak min emango baligu bezala, euri tanta bakoitzak aurrera botako bagintu bezala, eta ikaratuta eseri gara Jolas Etxeako pasta eta garagardo artera. Eta, bat-batean, gizon batek kapela eta gabardina beltza eskegi ditu Mikel Unanueren gaztetako argazkiak zintzilik dauden hormetan. Euriak astunago jo ditu Jolas Etxeako kristalak, leihoak apurtu eta barrura sartu nahiko balu bezala eta guk mundua madarikatu dugu; AHTko zuloak eta Txartel Beltzak eta Bankia eta CAN eta Ziburuko auzapeza eta garagardoa bukatu zaigunean edalontzi hutsak madarikatu ditugu harik eta gizonak mahaia jo duen arte. Dardar egin dute hormek, euri tantak isildu egin dira eta oihuka lehertu da gizona: “Haserretu zaitezte, haserretu zaitezte!”. Eta korrika atera gara kalera; paper bustiak ikusi ditugu haizetan hegaka, errepideko autoen gurpil gastatuetan itsatsiko diren paperak, Giza Eskubideen Nazioarteko Karta edo auskalo zer dioten, nork daki, guk lasterka jarraitu dugu “haserretu zaitezte, haserretu zaitezte!” oihuak haizeak dakartzala eta iraultza egitea erabaki dugu baina euria ari du, inoiz baino euri gehiago ari duela iruditu zaigu, eta tabernan sartu gara aterpe bila.

oct 30, 2014
eneko

Bueltan dira Obabako Testiguak!

Kaixo Añorgatar fidel hori!

Urte bete luze orri hau eguneratu gabe eta bada garaia!! 2014-2015 urtea kulturaz gainezka dator, baina horretan sakondu aurretik inminenteki datorren Obabako Testiguon hilabeteroko zita plazaratzera gatorkizue.

Ezagutzen ez duzuenontzat, Obabako Testiguak irakurle kluba da. Hilabetero liburu bat proposatuko dugu eta baita zita jarri ere liburu horren inguruan gogoeta, hausnarketa, edo dena delakoa adierazteko. 3 hilabeteko zikloak izango dira, lehenik literatura unibertsala jorratuko dugularik, bigarrenik antzerkia, poesia edota saiakera landuko dugularik eta azkenik, euskal literaturako liburu bat irakurriko dugularik. Azken honetan, idazlea gonbidatu eta berarekin sakonduko dugu berak idatzitako liburuan. Hau dena, kafe eta pastaz hornituta.

Beraz, eta aurkezpenak eginda, datorren azaroaren 5erako, asteazkenez, arratsaldeko 19etan Jolas Etxeako liburutegira dei egiten dizuegu Stéphane Hesselen HASERRETU ZAITEZTE liburuari buruz hitz egitera. Liburua behar bazenu, idazkaritza@anorgakke.org helbidean eska dezakezu.

Literatur gose bazara, zure zain gaude!

Stephane Hessel

Haserretu zaitezte! Stephane Hessel

 

 

abr 10, 2013
eneko

Esazu 3. Proiektuen aurkezpena eta sari banaketa

Bihar, apirilaren 11ean, goizeko 11.30etan Museum Cemento Rezolan izango da Esazu 3 Proiektuaren amaiera. Bertan, aurkeztutako 6 proiektuak ikusteko aukera izango da eta proiektu irabazleari emango zaio saria.

Mila esker Esazu 3 Proiektuan parte hartu duzuen guztioi eta bereziki antolatzen ibili diren Claudia eta Olatzi.

 

mar 14, 2013
eneko

Korrika 18 Añorgan!!

Bi urtez behin iristen da Korrika gurera, eta nahiz eta aurten Añorgatik ez den pasako, auzoko hainbat eragilek programazio kultural paregabea osatzeari ekin diogu. Tartean, Amassorrain ikastola eta bertako Guraso Elkartea, Añorgako Gazte Asanbladako Txantxangorri Taldea, Museum Cemento Rezola, Añorgako jubilatuak, eta nola ez, Añorga Kultur eta Kirol Elkartea aritu gara elkarlanean.

Ondorengo programazioa eskaintzen dizuegu gustuko izango duzuelakoan:

Martxoak 20 asteazkena: “Urak dakarrena… glu glu glu glu” antzezlana izango da 19.30etan Museum Cemento Rezolan (Dohain)

Martxoak 21 osteguna: Obabako Testiguok “Sexual Herria” liburua izango dugu hizpide pasta eta kafe artean (Dohain)

Martxoak 22 ostirala: Amassoraingo haurrak Korrika Txikiaz gozatuko dute Añorga Txikitik zehar goizeko 10etan eta Orixe Sariko Finala jokatuko da 20.30etan Jolas Etxean (Afaria 16€ bazkideentzat eta 18€ besteentzat).

Martxoak 23 larunbata: 17.30etan Buruhandiak ibiliko dira Añorgan zehar, 18etan Herri kirol, Jolas eta eskulanak izango dira haurrentzat, 19etan Kantujiran abesteko aukera izango dugu eta Txokolatada banatuko da; eta 19.30etan, Trikitixaz lagunduta Ibaetara abiatuko gara Kilometroa korritzera.

Añorga KORRIKArekin bat!!

Animatu!!

feb 28, 2013
eneko

Landaketa Bertikala Añorgan

Hurrengo martxoaren 2a, larunbata, Añorgako Museum Cemento Rezolak eta Txantxangorri taldeak antolatuta, landaketa bertikal tailerra izango da museoan.

Aurtengo Rezolarte saria irabazi eta gero, Ekain Olaizolak proiektua garatzeari ekin dio, eta aurreko batean añorgatarrek gure esku marka uzteko aukera izan bagenuen, oraingoan landareak museoan ipintzeko aukera izango dugu.

Guztiok animatzen zaituztegu berataratzea!

feb 18, 2013
Bgaztelumendi

Virginia Wolf dator gurekin pastak jatera

Nola ikusten zuen mundua Virginia Wolfek? Zer du berezi bere begiradak? Zer egin zuen Clarissa Dallowayk loreak erostera joan zen goiz hartan? Nolakoa zen Clarissa Dallowayren bizitza? Nolakoa izan behar zuela zioen gizonek eraikitako munduak? Nola ikusten zuten gainerako emakumeek? Eta berak? Berak nola ikusten zituen gainerakoak? Eta nola ikusten dugu mundua guk?

Erantzunik ez dago gure poltsiko zulatuetan, baina galderak egitera elkartuko gara ostegun honetan, iluntzeko 19etan, Jolas Etxean. Ohi bezala, liburu bat, begirada asko eta kutxa urdineko pastak.

feb 1, 2013
eneko

Zementu Biziduna

Bihar, otsailak 2, larunbata arratsaldeko 16.30etan Museum Cemento Rezolak eta Añorgako Txantxangorri Taldeak antolatu duten ekimenaren berri ematera gatoz.

Animatu eta parte hartu!

ene 29, 2013
Bgaztelumendi

Arantxa Urretabizkaiaren bisita

“Zergatik, panpox, zergatik dauzkak hire aitaren begiak, hire aitaren ezpainak, hire aitaren ile kizkurtu hori, eskuak trabatzen dizkidana, zergatik, panpox. Bai, behar haut, blandinblup bat duk mundu hau, eskuekin desegiten moldatzen apurtzen ditek gizonek, eta hementxe geratu nauk, etxe batean preso, maitasunean preso. Esna igarotzen dizkiat gauak, atea zabalduta, Txema, hire begiak jantzita etorriko delakoan. Baina egunsentiak hire negarrekin esnatzen naik, eta ez zakiat zer egin, erlojuei obeditzea besterik; eta gosaldu dutxatu jantzi eskolara eraman eskolatik itzuli eta berriz buelta eskolara jaso autoan ekarri errieta egin afaldu ipuina kontatu eta lotara; hire bizitza duk nirea eta ez zakiat, ulertzen diat Txemak zergatik egin zian ihes, askeegia huen hemen egoteko, ni ere izan ninduan aske, panpox, ez pentsa, hala amestu nian behintzat, gizarteak maitatzeko bezain ederra nintzen garai urrun horietan ederra izan ninduan, baina ama nauk orain, eta hilerokoa etortzear zeukeat eta ez diat nahi, ez diat bizitzarik sentitu nahi nire barruan, hi laztandu baino ez, hi panpox, hire aitaren begiak jantzitako panpinatxo eder hori…”

Zer, barrua itotzen sentitu duzue? Eredu patriarkala ulertzen hasi nahi, mundu berri bat sortzeko? Ba zatoz Obabako Testiguetara, Virginia Wolfen “Mrs Dalloway” liburua besapean hartuta, eta mundu berri batekin egingo dugu amets. Otsailaren 21ean, adibidez?

Páginas:12345»

imagen

Foroko azken sarrerak

    Non Gaude?

    Galdeketa

    Gustoko al duzue Akultura.com blog-a?

    View Results

    Loading ... Loading ...